XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) edo irakurtzen dutena ulertzen hitz egiten eta idazten baino.

Dena mejoratu liteke mundu honetan, eta hau ere bai noski.

Ez dago, ordea, ikasle horien euskarazko mintzajardunean gauetik goizera erabateko hobekuntzak gertatuko direla uste izateko motibo sendorik.

Daukan egoera dauka, beraz, ikasgela bakoitzeko irakasleak; eta egoera konkretu horretan aplikatu behar ditu hizkuntzazko zuzentasun-irizpideak.

Zer zuzentasun-maila eskatu behar zaie ikasle euskaldunberriei?

Nola juzkatu behar ditu irakasleak beren gabeziak?

Bistan da etxetik euskaraz dakiten, kalean eta lagunartean maizenik euskaraz egiten duten eta ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleei eska dakiekeen zuzentasun-maila bat dela eta euskaldunberriei eska dakiekeena bestea.

Euskaldun baten gaitasuna azken helburutzat jar dakieke euskaldunberriei ere, baina unean uneko zati-eskakizunekin konformatu behar izaten dute hauen irakasleek.

Aurrerago ikusiko dugu zati-eskakizun horiek, lehen hurbilketa moduan, nola atalka daitezkeen.

Esana bego, beraz, bizi-osasun onean eta aspalditxodanik eredu bateratu batez horniturik dauden auzo-hizkuntza handien ondoan berariazko ezaugarriak dituela eskola-munduko euskarak, gaur egun, zuzentasun-patroia aplikatzeko orduan: eredu bateratuak euskalkiekin zer-nolako elkar-bizitza behar duen, eskola alorrean eta hortik kanpora, ez da oraindik zeharo argitua; ikasle gehienak, ez bakan batzuk, neurri batean edo bestean euskaldunberri dira edo, etxetik euskaraz baldin badakite ere, ele-erasanak (euskara-erdarak ez dauzkate zeharo bereizirik eta erdararen bortxazko eragina argi nabari zaie euskaraz ari direnean).

Beste hiztun-herri sendoetan baino garrantzi handiagoa duten tentsio-bektoreak dira hiru horiek, irakasle-jendeak oso kontuan hartu behar izaten dituenak.

Zuzentasun-trataera ere, ondorioz, berariazko ezaugarri horiek kontuan hartuz egin behar izaten da alfer-lanean jardun nahi ez bada.

Gelako haurrak etxetik euskaldun ala erdaldun diren ikusi behar du, lehen-lehenik, irakasleak: euskara ikastera datozen haur erdaldunei eta euskaraz ikastera datozen euskaldunei ezin die, lehenengo urteetan behintzat, zuzentasun-maila bera eskatu; ez, behintzat, zuzentasunaren alor guztietan.

Ikasleak etxetik euskaldun dituenean ere, xehetasun handiagoetan sartu beharra dauka irakasleak: euskaldun beteak diren ikusi behar du, elebidun orekatu samarrak diren eta hizkuntza bakoitzaren egitura eta gainerako ezaugarriak erabiltzen dituzten edota, erdarak erasanik, erdal-euskara murritz nekosoan baizik jarduteko kapaz ez diren.

Ikasle euskaldunen kasuan, gainera, etxetik zer euskalki dakiten kontuan hartu behar du irakasleak.

Hiru tentsio-bektore horiek kontuan hartu gabe nekez ezarri ahal izango du, bere gelarako, zuzentasun-irizpide operatiborik.